Gobierno de España. Ministerio de Hacienda Y Función Pública Secretaría General de Presupuestos y Gastos
Unión Europea

Espainia - Frantzia - Andorra

Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Kooperaziorako Programa 2007-2013 (POCTEFA) batasuneko finantza-laguntzaren laugarren belaunaldia da, Espainia, Frantzia eta Andorrako muga-inguruneko integrazio ekonomiko eta soziala sendotzera bideratutakoa.

Laguntza mugaren bi aldeetan ekonomiarekin, gizarte-arloarekin eta ingurumenarekin lotutako jarduerak gauzatzera bideratzen da, lurralde-garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez. Aldi berean, muga-inguruneko herritarrek ingurune hori eremu bakar gisara hautematen laguntzen du, horrela, muga-efektua murrizteko.

 Proiektuek jasotzen dituzten FEDER funtsak POCTEFAk kudeatzen ditu, eta proiektu guztien finantzaketaren %65 estaltzen dute. Horrela, POCTEFA 2007-2013 Programak 168 milioi euro jasotzen ditu eta lurraldeko proiektuetarako inbertsioaren guztizkoa 243 milioi euro ingurukoa da.

Programa horrekin 145 proiektu finantzatu dira. Proiektu horiek guztiak Programa osatzen duten lehentasunezko hiru ekintza-ardatzen barruan sartzen dira:

       • 1. ardatza: Mugaren bi aldeen arteko integrazioa sendotzea, osagarritasunei balioa emanez jarduera ekonomikoen, berrikuntzaren eta giza kapitalaren arloetan

       • 2. ardatza: Lurraldeei, natura-ondareari eta kultura-ondareari balioa ematea iraunkortasunezko logika baten barruan, eta ingurumen-baliabideak babestu eta kudeatzea.

       • 3. ardatza: Herrietako bizi-kalitatea hobetzea lurralde-egituraketako eta garapen iraunkorreko estrategia bateratuen bitartez.

Espainia, Frantzia eta Andorrako muga-inguruneko eskualdeetan, lankidetza-programa honek 147.000 kilometro koadroko azaleraren garapenari eragiten dio, eta 16 milioi pertsona baino gehiagoren bizi-kalitateari.

Pirinioetako Lan Komunitatea (PLK) POCTEFAren Kudeaketa Agintaritza izendatu zen 2007an. Gauzak horrela, PLK lehen mailako eragilea da Europan mugen arteko lankidetzaren alorrean, eta programa europar bat kudeatzen duen Europako lehen muga-arteko erakundea da.

POCTEFA 2007-2013 programari buruzko informazio guztia eskuragarri hemen www.poctefa.eu